Ingurumena

 

Zeintzuk dira gaika batzeko moduko hondakinak?

GAI ORGANIKOAK

Edukiontzi marroira, animalia- eta landare-jatorria duten hondakin organiko guztiak bota ahal izango dituzu; besteak beste, fruten, barazkien, okelen, arrainen eta ogien soberakin organikoak, arrautza-azalak...

Hondakin horiek poltsa konpostagarrietan, ondo itxita, bota behar dira; ezin da erabili inoiz plastikozko poltsarik. Hondakin horiei esker eskuratzen dira lurrera doazen konposta, medeagarri organikoa edota ongarria.

ONTZI ARINAK

Edukiontzi horira, hainbat ontzi-mota bota ahal izango duzu; besteak beste, plastikozko ontziak, latak, aluminiozko moldeak edo papera, brikak, porexpana, flasko-tapak, fruta-sareak...

Plastikozko poltsetan sartuta zein soltean bota daitezke.

PAPERA ETA KARTOIA

Edukiontzi urdinera, paper- eta kartoi-hondakinak botatzen dira; esaterako, aldizkariak, kutxak, arrautza-kutxak edo egunkariak. Kartoi-kutxak tolestu egin behar dira edukiontzira bota baino lehenago, lar arin bete ez dadin (tolestu gabeko kartoiak leku handia behar duenez gero, paper eta kartoi gutxiago sartzen da edukiontzian).

Gogora ezazu: edukiontzi honetan, paperezko poltsetan sartuta edo soltean bota behar da papera edo kartoia. Plastikozko poltsetan sekula ere ez! Papera edota kartoia plastikozko poltsetan gordez gero, paper hori paper eta kartoirako edukiontzi urdinera bota beharko duzu, eta plastikozko poltsa, berriz, berrerabili egin beharko duzu, edo ontzien edukiontzi horira bota, bestela.

BEIRA

Iglu-itxurako edukiontzi berdera, beirazko edozein hondakin bota dezakezu, hala nola, poteak, botilak edo flaskoak. Tapoiak eta tapak kendu egin behar dira beti, eta ontzien edukiontzira bota. Beira-hondakinak soltean bota behar dira, poltsetan sartu barik.

FARDELAK

Edukiontzi gorrira, fardelak, konpresak eta tanpoiak bota ditzakezu. Gogora ezazu poltsetan, ondo itxita, bota behar dituzula, higienea zaintzeko eta euri-ura barruan ez sartzeko.

Edukiontzi honi esker, 2020. urtean ordainketa-sistema berria indarrean jartzen denean, sortutakoaren araberako ordainketa edo SAO (PxG) alegia, hondakin hauek ez dira errefus-frakzioan kuantifikatuko, horrelako material higienikoak erabiltzen dituzten familiak zigortu beharrik ez izateko.

Edukiontzi honetara datozen hondakinak energia sortzeko erabiltzen dira.

OLIOA

Edukiontzi laranjara, etxean erabilitako olioa besterik ezin da bota. Plastikozko botiletan, ondo itxita, bota behar da beti.

Erabilitako olio hau ez da gizakiek kontsumitzeko modukoa, baina, tratatuz gero, motorretarako bioerregaiak ekoiztu daitezke, eta bai xaboiak, kandelak, pinturak, bernizak eta beste gai batzuk ere.

ERREFUSA

Edukiontzi grisera datoz gaika batu ezin diren hondakinak, hau da, birziklatu ezin direnak edo beste edukiontzietara bota ezin direnak, ez eta Garbigunea moduko guneetara ere.

Gogora ezazu, zeure hondakin guztiak gaika ondo batuz gero, etxean sortzen duzun errefus-frakzioa oso txikia izango dela. Poltsak itxita eroan itzazu beti.

Edukiontzi honetan batzen diren hondakinak errausteko izango dira.

BERRERABILTZEKOAK

Edukiontzi zurira ekarri ahal izango dituzu egoera onean dauden gaiak, berriz erabiltzeko modukoak direnak; esaterako, arropak, oinetakoak, etxetresna elektriko txikiak, tresna elektrikoak, jostailuak, liburuak eta abar. Beharrezkoa bada, gai horiek egokitu egingo dira, berriro erabiltzeko.

Zentro hauetan batzen diren hondakinetako asko, jendea laneratzen duten GKE erakundeei ematen zaizkie; konpondu egiten dituzte, ondoren berriro merkaturatzeko.

GARBIGUNEA ETA GERTUKO GARBIGUNEA

Gune Garbira (Garbigunera) eroan daitezke hondakin arriskutsuak, obra-hondakinak, etxetresna elektrikoak, kableak, pinturak...

Gertuko Garbigunea laster Zamudion! Erosoago izan dadin, etxeko hondakinak eta antzekoak gaika batzeko zentro berri bat zabalduko da Zamarripa plazan. Dena den, Derioko Garbigunea eta berrerabiltzekoen etxola, betiko legez egongo dira, hondakinmota gehiago hartzeko moduan. Gogora ezazu hemendik aurrera udaletxean batzen ziren tapoiak Zamarripa plazako Gertuko Garbigunean batuko direla.

UDALA

Udalaren ardura izango da honako hondakin hauek batzea:

Altzariak edo bolumen handikoak Asteazken guztietan batzen dira. Gogora ezazu udaletxera deitu behar dela, doako bilketa eskatzeko.

Lorezaintza edota inausketa-hondakinak. Horrelako hondakinak izanez gero, udaletxera dei ezazu, bilketa-zerbitzua eskatzeko.

Batu diren hondakinak, autokonpostagailurako eta konpostagailu komunitariorako egituratzailea egiteko erabili ohi dira.

Harremanetarako

Zalantzak argitzeko 688 687 813 telefonoa, w4t@zamudio.eus posta elektronikoa eta Sabino Arana, 3n (Ehiza elkarteko lokala) dagoen aurrez aurre informazioa emateko bulegoa daude.
  • Waste4Think
Zamudioko Udala
Sabino Arana Goiri plaza, 1
944 060 990 | 944 030 622 | udala@zamudio.eus