Albisteak

 

Denda txiki eta ostalaritzak bizi daben egoeraz jabeturik, diru-laguntza zuzenak prestatzen gabilz, daukezan gastu zehatz batzuei frente egiten laguntzeko, beti be Udalak bete beharreko arau eta legeak aintzat izanda.

Badakigu, bestalde, gizarte osoan sortu dirala zailtasun ekonomikoak, eta gaur gaurkoz gatx dagoala jakiten noiz arte luzatuko dan egoera hau eta zenbaterainoko ondorioak eta beharrizanak eragingo dauzan batean eta bestean. Dagoaneko, asko dira autonomoak, komertzio- edo ostalaritza-negoziodunak eta bakoak, koronabirusaren ondorio ekonomiko larriak bizi dabezanak, eta bai ABEEE edo EEE egoeran dagozanak, eta gaur egungo behargin asko dago be, ustez, lana galduko dabenak.

Gaur egun, horreen guztien eskura dagoz Udaleko gizarte-zerbitzuak. Gizarte-premia baldintzetan dagozan guztientzak laguntzak bideratzen dabilz, eta ordu gitxiren buruan laguntzok emoteko modua lortzen.

Merkataritza eta ostalaritza txikiko pertsonakaz beharrean gabilz, benetako beharrizanak ezagutu eta konponbideak prestatzen. Udalen gainetik dagozan administrazioek eta erakunde pribatuek be, BBK banketxearen “Kreo en ti” moduko hainbat laguntza eta ekimen ipini dabez martxan sektore horretarako. Horregaitik, lehenengo-lehenengo, hartuemonean jarri gara itxi beharra izan daben edo une honetan diru-sarrera eskasak daukezan merkataritza eta ostalaritzagaz, jakitearren zelango diru-laguntzak eskatu dabezan eta zertarako eskatu dabezan, eta diru-laguntzok bideratzean zelango arazoak izan dabezan.

Gure lehenengo asmoa da laguntza horreek eskatzeko laguntasuna emotea (eta informazioa emotea, dagozan eta beharbada hain ezagunak ez diran beste laguntza batzuei buruz). Gero, baloratuko dogu laguntza horreek zenbateraino osatu daikeguzan. Hori informazio guztia hartuta, udal diru-laguntza zuzenak martxan ipintzeko oinarriak idazten gabilz, argi eta garbi jarrita, indarrean dagozan arau eta legeen arabera.

Eta koronabirusaren ondorio sozioekonomikoek azkenean jo dabezan pertsonetatik ahalik eta gehienengana heltzeko, Udalak ahalegin berezia egingo dau, laguntzak bikoiztuta, hau da, herritarrentzat eta negozio txikientzat, bientzat, onuragarriak izan daitezan. Kanpaina barri bat prestatzen gabilz, modu batera edo bestera, diru-laguntzak emoteko herritarrei, kaltetuenei batez be, negozio horreetan erosi eta kontsumitu dagien, Covid19 gaitxotasunak gehien eragin dauzan negozioetan bereziki; kontsumoa une honetan sustatzeaz gain, aurrerantzean udalerrian kontsumitzeko ohiturak be sustatzearren.

 
Zamudioko Udala
Sabino Arana Goiri plaza, 1
944 060 990 | 944 030 622 | udala@zamudio.eus