Albisteak

 

Global Action Plan (GAP) honako helburu hau duen nazioarteko sare bateko kidea den GKE bat da: etxean, bulegoan eta ikastetxean ohiturak aldatuz gure eguneroko jardueren ingurumen-inpaktua gutxitzea. Nazio Batuek sustatutako eta UNESCOk babestutako erakunde hori 1990ean sortu zen eta gaur egun 23 herrialdetan dago. Ikasturte honetan Bizkaiak ekintza global horretan parte hartuko du berriro Aktibatu + ekimenaren bidez.

Ingurumenaren arloko iraunkortasunaren alde herritarren parte-hartzea sustatzeko asmoz, Bizkaiko Foru Aldundiak Aktibatu + ekimena jarri du abian, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoarekin, Bizkaiko Garraio Partzuergoarekin, Metro Bilbaorekin, Bizkaiko Foru Aldundiarekin, Garbiker Sozietate Publikoarekin, Eroski taldearekin, eta Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean. Nazio Batuek sustatutako Global Action Plan – Ekintza Plan Globala (GAP) nazioarteko programaren barnean kokatzen den ekimena da.

Programa horrek pertsonen ohiturak aldatzeko ideia errazak eta ekintza praktikoak proposatzen ditu, ikuspegi positibo batetik beti. “Empowerment” edo “ahalduntze” kontzeptua du oinarri, hau da, programan parte hartzen duten pertsonak ekiteko eta beren ohiturak aldatuz ingurumena hobetzeko gai sentitzen dira. Helburua baliabideak eraginkortasun handiagoz erabiltzea eta planetan duten eragin kaltegarria apaltzea da, etxeko eta tokiko ekonomia sustatzearekin batera.

Aktibatu + programak ekimenarekin bat egiten duten udalerrietako biztanleen, ikastetxeetako ikasleen eta familien parte-hartze aktiboa sustatzen du. Ikasleen gurasoak dira aitzindariak, eta gero parte-hartzea komunitate osora hedatzen da.

Lehen hiru faseen balantzea

Programaren 3 edizio jarri dira martxan jadanik. Lehendabiziko edizioa (2012-2013) Amorebieta-Etxano, Debabarrena eta Durangaldean; bigarren edizioa (2013-2014) Arratia eta Nerbioi-Ibaizabal eskualdeetako udalerrietan eta azkena, 2014/2015 edizioa Busturialdea-Urdaibai, Lea-Artibai eta Uribe Kostan. Aurtengo edizioa Mungialdea, Txorierri eskualdeetan eta Erandio, Getxo eta Leioako udalerrietan jarri da martxan.

42 ikastetxeek aurreko hiru faseetan izandako inplikazioaren ondorioz, ia %20ko aurrezpena eragin du horien energia kontsumoan, baita CO2 isurietan 2 tonako murrizketa ere. Gainera, programa bukatutakoan, ikastetxe gehienetan hobetu egin zen gaikako bilketa eta zenbait hondakin mota murriztu ziren. Halaber, ikastetxe horiek hobetu egin zituzten erosketa iraunkorrerako irizpideak, hondakin gutxiago sortzeko. Bide horretan, adibidez, bidezko merkataritza produktuen erosketa areagotu dute, ontzi handiak dituzten produktu gehiago erosten dituzte (gehiegizko bilgarriak saihesteko), eta katilu eta edalontzi berrerabilgarriak eskuratu dituzte. Edizio honetan, ikastetxe horietatik hamar energia modulua lantzen ari dira eta beste 9 erosketa-hondakinen modulua.

Etxebizitzei dagokienez, gaur egun arte Aktibatu+ programa 73 udalerritan garatu da, bataz beste 1.500 etxebizitzaren parte-hartzea izanik. Eskuratutako emaitzen artean, nabarmentzekoa da energia kontsumoan %5,8ko aurrezpena izan dutela, ur kontsumoa %2,9 murriztu dutela, %1,9 hondakin gutxiago sortzea lortu dutela eta CO2 isuriak %1,7 murriztu direla, mugikortasun ohiturak aldatuz.

Zer eskaintzen du plataformak?

Web orri espezifiko bat dago programan parte hartu nahi dutenentzat, honako gai hauek jorratzeko lanabes erraz eta eraginkorrez osatua: erosketak/hondakinak, ura, energia eta mugikortasuna. Programan parte hartzen duten udalerrien edo mankomunitateen web orrien bidez sartzen da web orri horretan, edo www.bizkaia21.net atariko Aktibatu + atalaren bidez.

Aktibatu + plataforma doakoa da eta eguneroko jardueren ingurumen-inpaktua minimizatzen ikasteko aukera ematen die familiei. Plataforman aurkituko dituzten eskuliburu eta galdera-sortei esker etxeko gastuetan dirua aurreztea lortuko dute, kontsumo-ohiturak aldatuz. Gainera, parte-hartzaile bakoitzak bere bilakaera aztertu ahalko du.

Aktibatu + lau arlo nagusiz osatuta dago: ura, energia, erosketa-hondakinak eta mugikortasuna. Gai bakoitza hiru astez lantzen da, era praktiko eta erraz batean. Beraz, programak hiru hilabete irauten du, izena ematen den egunetik aurrera.

Funtzionamendua

Parte hartu nahi duen pertsonak programan izena eman ondoren, plataformak beraren eguneroko ohituren iraunkortasuna ebaluatzen du, galdera erraz batzuen bidez. Ebaluazio horretan oinarrituta, pertsona horren ohiturek gure ingurunean duten eragin kaltegarria gutxitzeko zer egin daitekeen azaltzen du. Horretarako, informazio-eskuliburu praktikoak eskaintzen dizkio izena eman duen pertsonari.

Plataforma 2015-2016 ikasturte osoan egongo da irekita, eta parte hartu nahi duten pertsonek edonoiz eman dezakete izena. Aktibatu + programak 12 aste irauten du (3 aste gai bakoitzeko: ura, energia, erosketa-hondakinak eta mugikortasuna). Behin epealdi hori amaituta, izena eman duten pertsonak Aktibatu + GAP Facebookeko perfilaren jarraitzale izan daitezke. Modu horretan, ingurumen-iraunkortasunarekin lotutako esperientzia eta ezagutzak partekatzen jarraitzeko aukera izango dute. Horrela, programa amaitu ondoren, nahi duenak ekimenarekin lotuta jarrai dezake. Modu horretan, guztion artean, ingurumena gehiago errespetatzen duten etxeak eraikitzen jarrai dezakegu.

Helburuak

Honako hauek dira Aktibatu + ekimenaren helburuak: parte hartzen duten ikastetxeetan energia kontsumoa % 5 gutxitzea, etxeetan energia eta ur kontsumoa % 5 murriztea, hondakinen gaikako bilketarako edukiontzien erabilera % 12 handitzea eta CO2 igorpenak % 7 gutxitzea.

Horrelako ekimenak oso onuragarriak dira ingurumenarentzat, Bizkaiarentzat eta planeta osoarentzat eta, gainera, familien aurrekontuak hobetzen dituzte. Etxeko gastuetan % 10ko aurrezpena lor daiteke, ingurumena eta bizi-kalitatea hobetzeaz gain.

Gainera, programa burutzen duten pertsonek 2017ko urtarrilean zozkatuko diren sari ederrak irabazteko aukera izango dute:, Orbea bizikleta bat, egonaldiak landetxeetan, liburu sortak, bisita gidatu...

Hori guztia dela eta, Zamudiotik ekimen honetan parte hartzera animatu nahi zaitugu. Gogoan izan aldaketa handiak jende arruntaren ekintza xumeen ondorioa izan direla beti.

Aktibatu + programa ikastetxeetan

Etxeetan bezalaxe, Aktibatu + programa 19 ikastetxetan burutzen ari da: horietako 9 Mungialdea, Txorierri eskualde eta Erandio, Getxo eta Leioa udalerrietakoak dira eta, gaur egun, energiaren gaia ari dira lantzen. Beste 10 ikastetxeak Busturialdea-Urdaibai eskualdekoak eta Mungiako udalerrikoak dira eta, gaur egun, erosketa-hondakinak gaia lantzen ari dira.

Txomin Aresti LHI, Artatza-Erromo BHI, CPES Txorierri S. COOP. LTDA. BHIP ,Larrabetzuko eskola, CEIP LEZAMA HLHI ,CPEIPS Lauro Ikastola HLBHIP ,CEIP Gorondagane HLHI ,CEIP Larrañazubi HLHI eta IES Aixerrota BHI dira Aktibatu + programa garatzen ari diren Txorierri eta Getxo eta Leioa udalerrietako ikastetxeak. Energiaren gaia hartuz, ikastetxe bakoitzak bere elektrizitate-kontsumoa ikuskatzeari ekin dio. Bigarren fasean, ikasleak izango dira baitaratutako ohitura kaltegarrien inguruan eskola-komunitate osoko kideak kontzientziarazteaz arduratuko direnak. Ondoren, lortutako aldaketak ebaluatuko dira.

Sta. Mª del Socorro –Mertzede Ik., Montorre LHI, Mundaka LHI, Urretxindorra LHI, San Frantzisko LHI, Eleizalde Ikastola, Sagrado Corazón Ikastetxea, J. M. Uzelai, IES Mungia BHI eta Larramendi ikastola dira Busturialdea-urdaibai eskualdeko eta Mungiako udalerrietan parte hartzen duten ikastetxeak. Eskualde horietan sistema bera jarraitzen da bertako ikastetxeetako erosketa-irizpideak eta, horren ondorioz, sortutako hondakinak sakontasunez aztertzeko. Behin informazio hori eskuratuta, eskola-komunitate osora bideratutako sentsibilizazio-kanpaina bat burutuko dute eta, azkenik, alderdi horietan lortutako hobekuntzak ebaluatuko dira.

 
  • Actibatu +. Parte hartu eta irabazi!
Zamudioko Udala
Sabino Arana Goiri plaza, 1
944 060 990 | 944 030 622 | udala@zamudio.eus